Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat

jueves, 29 de noviembre de 2007 | Euskal Selekzioa
Esait | aupaAthletic.com
Abenduaren 29an Bilbon antolatutako ekimenaren azalpenak eman ditugu prentsa agerraldian" Manifestazio historikoa eta hainbat ekitaldi egongo dira. EUSKAL HERRIA, NAZIO BAT, SELEKZIO BAT HAUSNARKETA. Egoera Euskal Herriak bere kirol selekzio propioa izateko eskubidea izan arren, egun, nazioen arteko txapelketa ofizialetan lehiatzeko euskal kirolarien aukera bakarra, Espainia eta Frantziako selekzioekin aritzea da. Erasoak Azken urtebetean ukazioaz haratago, Euskal Herriak bere selekzio propioak izateko duen eskubidearen aldarrikapena bera ere, erasotua izan da. Horren lekuko dugu 2007. urtea. Hor kokatzen ditugu besteak beste; Espainiako Gobernuak EAEan duen ordezkaria den Paulino Luesma jaunak, nazioartean lehiatzeko aukera estatutuetan jasotzeagatik, 19 euskal kirol federazioen aurka jarririko helegiteak argi usten dute Gobernuak Euskal Herriarekiko duen jarrera ukatzaile eta erasokorra. Katalunia eta AEBako selekzioen arteko futbol partidua debekatu ostean espainiar Gobernuko bozeramaileak Maria Teresa Fernandez De La Vega andereak Euskal Herriko zein Kataluniako herritarrei zuzenduriko debeku estrukturalen mezua ere eraso horien artean kokatu behar da. Euskal selekzioko jokalariek, ekainean, Venezuelan jokatu zuten futbol partiduan, "SOMOS UNA NACION, OFICIALIDAD" eta "OFIZILTASUNA NAHI DUGU" zioen pankartak ateratzearen harira, espainiar sektore politiko eta "mediatikoek" hartutako jarrera lotsagarri eta erasokorra.
Gure iritzia Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea osatzen dugunon ustez, ukazio eta eraso hauen izaera bikoitza da. Batetik, euskal kirolariei beren selekzioarekin aritzeko eskubidea ukatzen zaielako, eta bestetik, Euskal Herriari nazioartean ordezkatua izateko eskubidea ere ukatzen zaiolako. Finean, ekinbide honekin, Euskal Herriaren izatea, existentzia bera, ezabatu nahi dute, eta gure uste apalean ikaragarria eta oso larria izateaz gain onartezina dela deritzogu. Egungo argazkia agerian uzteak, Euskal Herriaren nazio izatea agertu eta herri gisa bat eginik erantzun beharra dagoela eskatzen du. Bide honetan, lehen urratsa abenduaren 29an eman asmo dugu. EGITASMOA Aipatu moduan, abenduaren 29an egitasmo historiko baten lehen urratsa eman asmo dugu. Lehen aldiz, Euskal selekzioen aldeko manifestazio nazionala burutuko dugu. Gure norabidea zehazten duen EUSKAL HERRIA, NAZIO BAT, SELEKZIO BAT lelopean Euskal Herria bildu nahi dugu. Egoerak eskatzen duen larritasunari dagokion tamainan erantzun behar diogu. Euskal selekzioaren defentsan denok bat egin eta ofizialtasuna dagokion tamainan aldarrikatzeko garaia delako. Batzuek nazioarteko txapelketetan beraien taldea jarraitu nahi izango dutelako, beste batzuek nahiz eta kirola gustukoa ez izan, bere nazioari dagozkion eskubideen defentsan ageriko urraketa bati aurre egin nahi diotelako,& Arrazoi desberdinak egonik ere, euskal selekzioen alde masiboki bat egin dezagun garaia heldu da.
Egoeraren larritasunak, euskal herritarrok dena batera euskal selekzioen aldeko aldarria egin dezagun eskatzen du. Horregatik, datorren abenduaren 29an, Bilbon, Euskal Herriko kirolariei, herritarrei, guztioi, "EUSKAL HERRIA, nazio bat, selekzioa bat" lelopean burutuko den manifestazio nazionalean parte har dezazuen dei egiten dizuegu. Manifestazioa, historikoa izatea nahi dugu, nazio oso baten aldarria bere selekzioen defentsan hain zuzen. Kirolariei dei berezia egin nahi genizueke, oinarrizkoengatik goi mailakoraino. Manifestazioko protagonistak zuek izatea nahi dugulako. Horregatik manifestazio burua Euskal Herriko auzo eta herri desberdinetako kirolariok osatuko duzue eta gainera, zuen kirol taldeetako jantziarekin etor zaitezten dei egiten dizuegu. Argazki koloretsua lortu nahi dugulako. Eta herritarrei berriz, presentzia masiboarekin, kirolariak babes ditzala eskatu nahi diogu, bere selekzioak defendatzen dituen nazio baten aldarria, gardenki irudikatu dadin. Lehen aldiz, euskal selekzioaren aldeko manifestazio nazionala burutuko dugu. Herri honen norabidea zehazten duen EUSKAL HERRIA, nazio bat, selekzio bat lemapean Euskal Herria bildu nahi dugu. Egun osoko jaialdia Bilboko Arenatzan ( Arenalen ) Abenduaren 29a jai eta aldarrikapen eguna izatea nahi dugunez, egun osoko egitaraua prestatu dugu. Horretarako, Bilboko Arenatzan ( Arenalen ) egongo den jai gunean karpa handi bat ipiniko dugu. Egitarauari dagokionez aipagarri gisa: Goiz partean, Pirritx, Porrotx pailazoen parte hartzea; Wushu Kung-Fu, Kenpo Kai eta harri-jasotzaileen erakustaldia; eta Euskal selekzioko futbol jokalarien eta goi mailako pilotarien bisita. Eguerdian, bertsolariek girotutako bazkari herrikoia, sagardoa txotxetik, txekor errea, taloak eta abar. Bazkalondoan, erromeria, Gozategi taldearekin. Arratsaldeko 17:30ean manifestazio nazionala "EUSKAL HERRIA, Nazio bat, selekzio bat", lelopean La Casilla kiroldegitik abiatu eta Arenatzan ( Arenalen ) bukatuko dena. Ondoren, euskal selekzioaren partidua ikusteko pantaila erraldoia jarriko dugu, eta amaitzeko TXIMELETA eta BETAGARRI taldeen kontzertuak egongo dira. Ekimen guzti hauek musu truk izango dira.
Manifestazio nazional historikoa Manifestazioaren helburua bikoitza da. Batetik, Euskal selekzioei egiten dioten erasoei erantzutea, eta bestetik Euskal Herriak bere selekzioak izateko duen eskubidea aldarrikatzea. Eta hau guztia, herri bezala egitea. Beraz, bere burua nazioartean ordezkatua ikusi nahi duen nazio bat zutitu nahi dugu. Kokapenari dagokionez, manifestazio buruan Euskal Herriko kirolariak joango dira. Alde horretatik ere historikoa izango da. Atzoko, gaurko eta biharko kirolariek gidatuko dutelako manifestazioa. Kirol munduaren atzetik, herria, aldarrikapenarekin bat eginez, eta munduaren aurrean Euskal Herriaren tokia aldarrikatzeko helburuarekin. Egitasmoaren lanketa herriz herri eta nazio mailan hau honela izan dadin Euskal Herri osoan lanean hasiak gara. Herriz herri kirol talde eta kirolariengana zuzentzen ari gara. Batetik hausnarketa zabaltzeko eta bestetik egitasmoaren berri eman eta manifestaldi buruan parte hartzeko gonbitea zabaltzeko. Bide honetan ahalik eta herri gehienetatik autobusak antolatzeko asmoa dugu, manifestaldian eta jaialdian parte hartzea ahalbideratu asmoz. Ehunka eta ehunka kirolari bildu nahi ditugu. Gainera, kirolari bakoitzari bere kirol esparru edo taldeko arropa edo jantziarekin joateko gonbitea egiten ari gara. Manifestazio burua kirol itxuraz jantzi nahi dugulako. Arraunlari, errugbilari, futbolari, korrikalari, mendizale, txirrindulari, eta abarrek, finean, euskal herriko kirolari orok, badu zita garrantzitsua Bilbon abenduaren 29an. Milaka eta milaka herritar ere bildu nahi dugunez, hainbat bilera egin ditugu eta egiten ari gara Euskal Herriko eragile sozial, sindikal eta politikoekin. Hausnarketa konpartitu eta egitasmoa zabaltzeko helburu argiarekin. Bide honetan abiatu besterik egin ez bagara ere, egitasmoa eskuzabalik jasoa izaten ari da. Horrez gain, "Euskal Herria, Nazio bat, selekzio bat" leloa daraman mozioa ere aurkeztuko dugu Euskal Herriko udaletxe eta Herriko Etxeetan.
Amaiera Beraz, ikusten duzuen bezala, izugarrizko erronkaren aurrean gaude. Denok elkarrekin atera behar dugu hau aurrera. Alde horretatik, eskuzabalik gaude, egitasmo honen inguruan ekarpenak jasotzeko. Garen bezala, nazio modura erantzun behar dugulako. Abenduaren 29a gerturatzen doan heinean jaialdi erraldoi honen xehetasun eta datu gehiago zehazten joango gatzaizkizue. Beraz, aurretik, mila esker.